Errebeldeak fest 2024, kirol eta musika jaialdi inklusiboa
Orona Fundaziotik, beste urte batez, izaera inklusiboko ekimen hau babesten dugu
23 Ira 2024
Irailaren 21ean Errebeldeak Fest jaialdiaren IV. edizioa ospatu zen Hernanin. Jaialdi hau pertsona itsu batek, Ibon Casas Hernanin bizi den rockeroak, oso-osorik zuzendutako kirol eta musika jaialdi inklusibo bakarra da.
DameTVision Kultur Elkartea da jai egun honen antolatzailea, eta desgaitasuna duten pertsonak gizartean arlo guztietan txertatzea posible dela herritarrei erakustea du helburu.
Herritarrek parte hartzeko kirol-jarduera irekien artean, nabarmentzekoak dira gurpil-aulkiko esgrima-jardunaldia, goalball partidak (itsuentzako berariazko jokoa, aurrez aurre bi ate eta soinu-baloi handi bat dituena), boccia (mugitzeko zailtasun handiak dituztenentzako bereziki diseinatutako kirola, petankaren antza duena bere joko-moduan) eta remoergometro inklusiboa.
Musikaren atalean hainbat taldek parte hartu zuten, horien artean, Erreñozu/Hernaniko Ozenki Abesbatza, Goizuetako Umore Ona eta RocKalean eta Joselontxos Txaranga.